XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zer eternalagorik lore artifizial bat baino

Kaixo, kaixo, kaixo, Paradiso Irratia da hau eta Susana Q ari zaizue hizketan, zazpietan hasi eta goizaldera bitartean zuekin.

Gure sintonia, lehenbailehen osa zaitezen, zuri eskainia dago gaur Elena, nori bestela.

Hemen, 22.2, urmaeleko gure zisneen txokoan...

Ez dakit aurrez esan dudan, hemeretzi gradu zelsius ditugu, zerua lainotuta ageri da eta antizikloiaren eraginak desagertzen ari omen dira, euria izan dezakegu beraz hurrengo orduetan; galerna arriskurik ere ba omen da.

Ez kezkatu halere, Paradiso Irratian zaudete, palmerapean babesturik, hemen ez da inor bustitzen, eta ni Susana Q naiz, Susana Q, zuen zerbitzura.


Charlie inoiz baino hobeto ari da jotzen
mutikoa ezkutatu da billar mahaiaren azpian
(mutikoak badaki zer egin, badaki zer egin)
eta Smithers andereak ezin du lorik egin
o, ez, Smithers andereak ezin du begirik bota
kontrabaxuak behin eta berriro dio:
zenbat tren leihoan insomnio guztiak dastatzeko ere


Zer den jazza erranen dizut:
betikoa whiskya den hiztegi bat, den hiztegi bat
Billar mahaiaren gainean larrutan ari diren
bi emakume
disimuloan non dago takoa? galdetzen duen agure zelatia
konturatu orduko oinen azpialdeetatik
gorputzaren barrua zeharkatuz bortizki
bururaino igotzen den begirada bertikal
tren abiadurako bat